XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guztien gainetik MILLA EUSKAL-OLERKI EDER liburuaren egiletzat gogoratuko du geroak Santi Onaindia.

Bizitzako zertzeladak

Santi Onaindiaren bizitza eta lanaz asko idatzi izan da han eta hemen.

Nik neuk ere idatzi ditut, bai aldizkari honetan eta bai elkarlanean burututako liburu batean.

Gogo-gogoz egindako lanak izan dira eta, aldaketa txikiak gorabehera, haietaz baliatu naiz Karmel aldizkarirako idazlan hau burutzerako.

Amoroto eta Larrea aldera begira nago.

Bata sehaska, bestea bizileku.

Bizkaiko txoko polit horiek osatu dute batez ere Santi Onaindiaren bizitzako ingururik maiteena.

Luma hartu eta OROI-TXINPARTAK liburuan barneratu naiz.

Baina amorotoar honen bizitzak oihan joria dirudi: altxor bete-betea, aberatsa, oparoa eta atsegina aurkitu dut.

Aukera egin beharra dagokit, zehar-meharka eta hara-honaka bidean gal ez nadin.

Santi Onaindiak goi-goian du tokia euskal idazleen artean.

Euskal kulturan dugun izarrik argitsuenetariko bat dugu bera.

Ez, beharbada, ikertzaile sakon eta zehatz horietakoa; bai, ordea, idazle ugaria, gozoa eta saiatua.

Aipatutako liburu horretan, eskuetatik utzi gabe, hasieratik azkeneraino irakurtzekoak diren bere oroitzapenak eskaintzen dizkigu.

Nik, ordea, hartaz barnean dudan irudia neure erara eho eta gogoko zaidan haren alde atsegin eta irribarretsua ezagutzera eraman nahi nuke irakurlea.

Amorotoko Atxuriarte baserria

Miloitik Oletara doan bide zabaletik, Armiña kobazulora orduko, begira ezazu ekialderantz eta hantxe, aurrez aurre, bi haitz-mokor zuriren erdian ikus daiteke Atxuriarte baserria, bi haitz zuriren artean dagoelako horrela deitua.

Hantxe jaio zen Santi Onaindia 1909.eko martxoaren 24ean.

Bidetik urrintxu ez balego, eguzkiak txeraz ikertzen dauan leku sotil, osasuntsua